Irakasle Nagusiak

Sakarias "The Champ" Larsson Suediako mendebaldean hazi zen. Umetan Jitterbug lehiaketak ikusitakoan estetikan eta musikan zerbaitek atentzioa eman eta hori ikastea erabaki zuen. Gauza batek bestea ekarri zuen eta 16 urterekin Rhythm Hot Shots taldearekin praktikatzen hasi zen. Hau duela 20 urte izan zen eta ordutik taldean dago.

Entsegatzen pasa dituen ordu kopurua eromena dira ziurrenik. Azken urteotan Hot Shots-en belaunaldi gazteenekin dakiena partekatzen zentratu da. Taldeko lagunengan motibazioa aurkitzen du, horrek gazte mantentzen duelarik. Sakarias bira amaigabean dabil lindy hop-a munduan zehar zabalduaz, eta ziurrenik 1000 saio eginak ditu ikuskizun, lehiaketa eta ikastaroak kontuan hartuaz. Harlem-eko jatorrizko dantzari batzuk ezagutu zituen eta Frankie Manning-en lagun ona izan zen. Whitey's Lindy Hoppers taldeko dantzariak dira bere benetako idoloak, baina gaur egungo dantzariengan ere inspirazio handia aurkitzen du.


Fatima Europako Lindy Hop eta Swing dantzek izandako berpizkudean eragina izan duen pertsona garrantzitsuenetako bat da. Jatorriz belgikarra, klakean maisua da. 80ko hamarkadan klakea praktikatzen hasi zenetik, beti 30 eta 40 hamarkadetako jatorrizko dantzari afroamerikarren estilo originala bilatu du. Swing dantza eszenan Herräng Dance Camp-en murgildu zen eta gaur egun kanpamenduaren eragileetako bat da. Stockholmen bizi da eta Rhythm Hot Shots (gaur egun Hot Shots) taldeko kide izan da bere sorreratik. Stockholmeko Chicago swing dantza estudioaren fundatzaileetako bat da. Urte asko daramatza Authentic Jazz eta Lindy Hopa irakasten.



Frida 2009an hasi zen dantzan Stockholmeko Chicago swing dantza estudioan, eta harrezkero ez dio dantzatzeari utzi. Jazz musikarekiko zaletasuna izan da bere motibazio iturria, eta bai dantzan baita irakasten ere, adierazpen pertsonala, erritmoa eta jatorriarekiko errespetua asko baloratzen ditu. 2015ean Hot Shots swing dantza konpainiarekin bat egin zuen eta 2018tik aurrera taldeko kide finkoa da.



Bere jaioterria den Mora herritik hirira mugitu zen Nils gaztetan, bateria ikasteko asmoarekin. Betiere bere ikuspegi kulturala zabaltzeko asmoz, 2009an Lindy Hop klaseak hartzen hasi zen Swedish Swing Society-n. Zerbait berria probatu nahi zuen.

Dantzari konprometitu eta disziplinatua da, denbora musikalarekin zorrotza eta beti perfekzioaren bila ibiltzen dena, bere oinarri musikalen eraginez. Erritmoa funtsezko elementua da beti bere dantzan. Era berean, klakea eta Lindy azkar eta akrobatikoa maite ditu Nilsek.

Gehienbat George Christopherson eta Frankie Manning bezalako garai zaharretako swing dantzarietan inspiratzen da. 2016tik Hot Shots taldeko kidea da.


Bederatzi urte zituenetik, Lindy Hop eta Boogie dantzaldi eta txapelketetan aritu da Lizette. Hiru urteko dantza ikasketak egin eta gero, Europa guztian zehar irakasten eta emanaldiak eskaintzen hasi zen.

Gaur egun Stockholmen bizi da, eta dantzari profesional bezala egiten du lan. Jazz musikaren oinarrien ezagupena eta bere originaltasuna dira bere ezaugarri indartsuenak, bai klaseak ematen, baita eszenatoki gainean ere.

Bere inspirazio iturri nagusiak Whitey's Lindy Hoppers talde ospetsua eta Spirit Moves-en agertzen diren beste dantzari ikaragarriak dira batez ere.


Bere irribarre ahaztezina eta dantzan daukan arintasuna ikustean, argi geratzen da eszenatoki gainean zoriontsu sentitzen dela Patrik. Dantzan hastean, ezinezkoa da swing musikarekiko daukan grinaz ez ohartzea.

30. hamarkadako Al Minns eta Leon James bezalako dantzari haundiak ditu inspirazio iturri, eta inspirazio hau bere estilo eta mugimendu propioak garatzeko erabiltzen du. Patrik zoriontsu egin nahi baduzu, eska ezaiozu dantza bat!

HOT SHOTS TALDEARI BURUZ

Swing Aroaren dibertsio eta benetako espektakuloa dira Suediako Harlem Hot Shots dantzari taldearen espezialitateak. Harlemen jatorria daukaten dantzekiko grinaz eta errespetu osoz, Swing dantzen inguruko jakinduria eta tradizioa zabaltzea dute helburu. Lindy Hop, Charleston, Jazz eta Klakeaz gain, akrobaziak, kantua eta komedia ere topatu ditzakegu beraien errepertorioan.

Artistikoa, profesionala eta birsortzailea da Harlem Hot Shots taldea. Swing Aroa da taldearen jarduera guztien eredu, bai garaiko berritzapen leialak egiten dituztenean baita denbora hartan oinarritutako eta beraiek sortutako emanaldiak eskaintzen dituztenean ere. Energia handia, inprobisazioa eta erritmo estuak.

Modernizazio saiakerarik gabe. Nahasketarik gabe. Pelikula zaharren klip originalez edota 1930-40ko hamarkadetan sasoian zeuden dantzari eta musikariekin hainbat bilera eta kolaborazioz baliatuta, iturri originaletatik sortzen dira beraien dantzak, musika eta aurkezpen orokorra. Bitartekaririk gabe, distorsiorik gabe. Azaleko egokitzapen edo klitxerik gabe. Swing gordina.